Zer dira Geoparkeak

UNESCOk aitortutako altxorrak

Geoparkeak 

Geoparkeak, argi eta garbi definitutako mugak dituzten lurraldeak dira, eta beren garapen sozioekonomiko jasangarriaren oinarri gisa nazioarteko garrantzia duen ondare geologikoa dute. UNESCOren Munduko Geoparke gisa aitortzen dira Lurraren eta Geoparkeen Zientzien Nazioarteko Programan.

Geologia-ondareak interes geologikoko leku-multzo bati dagokio, zientziaren, hezkuntzaren, estetikaren edota bitxikeriaren ikuspegitik begiratuta, eta lehorreko, itsasoko edo lurpeko eremuak barne har ditzake. Lurraren iraganerako leihoak dira, duela milioika edo milaka urte gertatu ziren prozesuak eta gertaerak eta gaur egun gertatzen direnak erakusten dizkigutenak; gure planetan bizi ziren animaliak eta landareak; elementu geologikoen eta biodibertsitatearen artean dagoen harremana eta baliabide geologikoen, arroken eta mineralen erabilera eta aprobetxamendua, historian zehar.

Ondarean oinarritutako garapen iraunkorra UNESCOren Munduko Geoparkeetan erabakitzen da, behetik gorako ikuspegia aplikatuz, tokiko eragileek erabakiak hartzean parte har dezaten erraztuz. Horri esker, ondareari eta iraunkortasunari buruzko hezkuntza-jarduerak egin daitezke; tokiko jarduera ekonomikoak egin daitezke, hala nola geoturismoa, lurraldearen geologiari eta tokiko erabilera, ohitura eta produktuei lotutako turismo gidatua; baita kontserbazio-jarduerak ere, gizartea bere ondarearekin identifikatuz eta hura babesten eta hedatzen engaiatuz.

Geoparkea ez da, definizioz, babes-figura bat, nahiz eta kasu batzuetan naturgune babestuekin bat egin edo bere baitan har ditzakeen. Hala ere, ondare geologikoaren intereseko lekuek aplikagarri den legeriak babestuta egon behar dute, dela tokikoa, eskualdekoa edo nazionala. Geoparkeek beren gain hartzen dute berezitasuna daukaten elementu geologikoak defendatzeko betebeharra, eta bere suntsitzearen eta merkaturatzearen aurka egiten dute.

Azkenik, UNESCOren Munduko Geoparkeak sare-lankidetzarako duten gaitasun apartagatik bereizten dira. Horrek esperientziak partekatzera, ekimenak hobetzera eta lankidetzaren emaitza diren produktuak eta emaitzak lortzera eramaten ditu. Munduko Geoparkeen Sareak UNESCOren Programa gauzatzen parte hartzen du, eta Europako Geoparkeen Sarea moduko sare kontinental aktiboak mantentzen ditu. Esparru horretan eratu eta lantzen da Espainiako Geoparkeen Foroa, eta webgune honetan deskribatzen dira haren aurkezpena eta jarduerak.