Kantauri itsasoa Euskal Kostaldeko Geoparkeko paisaiari nortasun handiena ematen dion elementuetako bat da. Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkea liburu moduko lurralde bat da, gure planetaren eta gizakion historiaren hainbat kapitulu gordetzen dituena. Bidaia zoragarriak egiteko hamaika aukera eskaintzen digu: denbora geologikoan zehar eta milaka urteko gure herriko kulturan, hizkuntzan eta tradizioan aurkintzazko bidaiak egiteko abagunea, hain zuzen.
Euskal Kostaldeko Geoparkea Zumaia, Deba eta Mutrikuko udalerriek osatzen dute eta ondare geologiko, paisajistiko eta kultural garrantzitsua du oso. 2010az geroztik, Europako eta Munduko Geoparkeen Sareko kide eta 2015etik Unescoren Munduko Geoparke.
Geoparkeko 13 kilometroko itsaslabarrek haitz-geruzek osatutako formazio ikusgarria gordetzen dute, Flysch izenekoa. Liburu handi baten antzera, Lurraren historiaren 60 milioi urte baino gehiago irakur daitezke bertan. Bisitariak itsaslabarretan oinez ibil daitezke edota itsasontzian ibilaldi ederra egin, denboran zehar bidaiatzeaz gainera hainbat aurkikuntza egiteko, besteak beste, geruza horien artean dinosauroen desagerpenarekin zuzenean lotutako lerro beltz eta mehe bat ikusi ahal izango dugu.
Barnealdean, Gipuzkoako kobazulo kantitate handiena biltzen duen eremu karstikoa dugu. Horien artean azpimarragarriena Ekaingo kobazuloa, Gizateriaren Ondare izendatua paretetan pintatutako zaldi-bilduma bikainagatik. Karstaren unibertsoko elementuak dira piramide-formako kareharrizko mendiak, ezkutatutako haranak, haitzuloak, agertzen eta desagertzen diren errekatxo txikiak eta, batez ere, paisaia koloreztatzen duten eta gure herriak landa-munduan dituen ohiturak gordetzen dituzten baserri-multzo handia.
Hamaika aukera dago Geoparkea ezagutzeko. Bisita gidatuak eskaintzen dira urte osoan publiko zabalari zuzenduta (erreserbak on line). Hainbat aisialdi gune daude eta 20 kilometro baino gehiagoko ibilbide tematikoak, seinaleztatuak eta interpretatuak, Geoparkeko txoko berezienak ezagutu ahal izateko. Egun bakar batean paisaia-aniztasuna ezagutu nahi duten bisitariek, 15 interpretazio panelek osatzen duten, Begiratokien Ibilbidea egin dezakete. Ibilbide horrek Geoparkearen ondarearen ikuspegi orokorra emango digu.